GJH BELAUNALDIEN ARTEKO JARDUNALDIA

2022ko abenduaren 13an belaunaldien arteko jardunaldia egin zen, eta bertan Adinekoen Kontseiluko eta Haurren eta Nerabeen Kontseiluko kideek parte hartu zuten.

2030 Agendaren 17 GJHen aurkezpen bat egin zen erakusketa formatuan. Bertan, haurrek eta adinekoek bakoitza zertan datzan ikusi ahal izan zuten.

Ondoren, talde txikitan banatuta, haurren eta adinekoen parte-hartze aktiboa GJHetan zergatik den ezinbestekoa landu zen. Hori pertsonen bizipenetik bertatik egin zen, non esperientziak, zalantzak, inplikazioa… partekatuko diren, belaunaldi oso ezberdinen artean jakintzak transmititzeko.

Partekatze horrek 2030 Agenda betetzen aktiboki parte hartzeak duen garrantziaz hausnartzera eraman zituen, eta jardunalditik aurrera lan egiteko konpromisoa hartzeko ekintza zehatzak atera ahal izan zituzten.

CDNren 2022ko AZAROAREN 18ko Munduko Egunaren ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Haurren eta nerabeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa bat da.

Giza kostu, kostu sozial eta kostu ekonomiko izugarriak dakartza. Orain arte egindako ikerketek adingabeen eta haien ingurunearen ongizatean, osasunean eta segurtasunean dituen ondorio kaltegarriak eta iraunkorrak ikusarazten lagundu dute. Ondorioz, eragin handia du gizarte eta herrialdeen segurtasunean, gizarte-kohesioan eta garapenean.

EAEko erakundeok ibilbide luzea egin dugu hainbat motatako neurri eta politika publikoen garapenean (planak, programak, zerbitzuak), kalteberatasun-egoeran dauden haur eta nerabeen eskubideak eta prebentzioa, detekzioa, arreta, babesa eta erreparazioa sustatzeko.

Gaur, azaroak 20, BILBOKO UDALAK publikoki berresten du haurren eta nerabeen eskubideekiko eta, bereziki, haur eta nerabeen aurkako indarkeria mota guztien aurkako borrokarekiko konpromisoa.

Helburu horrekin, indarrak batu nahi ditugu Euskadiko erakunde eta eragile guztiekin, eskubideen sustapenean, prebentzioan, detekzio goiztiarrean, arretan eta indarkeriaren erreparazioan irmo aritzen diren guztiekin.

Horretarako, BAT EGITEN DUGU HAUR ETA NERABEEN KONTRAKO INDARKERIARI AURRE EGITEKO EUSKAL ESTRATEGIArekin (2022-2025), hiru lurralde-mailetako erakundeek, hirugarren sektoreko elkarteek, adituek, haurrek eta nerabeek parte hartu dugun prozesu baten ondorioz egin dena.

Estrategia horren bidez, euskal erakundeok helburu hauek lortu nahi ditugu:

  • Eskubideak sustatzea eta indarkeria mota guztiak prebenitzea
  • Indarkeria-egoerak goiz detektatzea eta horietan garaiz esku hartzea.
  • Arreta eta babes integralagoa eskaintzea
  • Erakunde eta entitateen arteko lankidetza eta elkarlana sendotzea
  • Errealitatea gehiago eta hobeto ezagutzea eta giza eskubideen urraketa horri ematen zaizkion erantzunak etengabe hobetuko dituen ezagutza sortzea.

Gure atxikimenduarekin konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Gure politiketan eta jardueretan Estrategian definitutako printzipioak, ikuspegiak, irizpideak eta orientabideak sartzea.
  • Urtero, egiten ditugun ekintzen eta ekintza horien ezarpen-mailaren berri ematea, estrategiaren helburu estrategikoei eta jarduera-ildoei dagokienez.

Euskal gizarte osoa animatzen dugu haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko konpromiso aktiboa hartzera eta indarkeria mota orotatik aske bizi eta hazi daitezen zaintzera.

BILBO HIRI LAGUNKOI DEKLARATZEKO KANPAINA, 2022KO AZAROAREN 18AN

Udalak kanpaina instituzional berri bat abiatu du, Bilbo hiri lagunkoiaren (#BilbaoLagunkoia #BilbaoAmigable) posizionamendua indartzeko.

Pertsona guztien ongizatea eta bizi-kalitate duina ahalbidetzen dituen lurralde bat eraikitzeko helburuarekin, Bizkaiko hiriburuak hainbat ekimen diseinatu eta garatu ditu, herritar guztiei parte-hartze, osasun eta segurtasun izaerako aukerak emanez.

Hain zuzen ere, bi kolektibo zehatzek (adineko pertsonak eta adingabeak) urian modu aktiboan parte hartzea sustatzen duten politiken aldeko apustua dela-eta, Bilbok bi izendapen jaso ditu: adinekoekin lagunkoia den hiria (OMEk 2011n emana) eta haurrekin eta nerabeekin lagunkoia den hiria (UNICEFek 2018an emana).

Ildo horretan, helburua handituz, Udalak gizarte osoari ematen dio arreta baina, bereziki, edozein arrazoi tarteko kalteberagoak diren taldeei, eta #BilbaoLagunkoia #BilbaoAmigable sentsibilizazio-kanpaina zabaltzen du.

Bizkaiko hiriburuaren errealitatea eta aniztasuna kontuan izanik, irudien eta bideoen protagonistek bilbotar guztiak ordezkatzea gura izan dugu. Horregatik, bilbotar guztiak kanpaina honetan islatu nahi izan ditugu. Kanpainaren leloa, hain zuzen ere, “Cuando Bilbao forma parte de tu vida, tú formas parte de Bilbao”, “Bilbo Zurekin, Bilbo zurea” da.

Uriko toki esanguratsuen eta eraikinen irudi errealen gainean proiektatu dira protagonistak, hau da, udalaren komunikazio-ekintza honekin bat gura egin izan duten bilbotarrak, Bilbo pertsona guztiekin lagunkoia den hiria izatearen esangura nabarmendu gura dutenak.

Kanpaina, gainera, hiru udal estrategiaren barruan kokatzen da, non hiri inklusibo, askotariko eta solidario baten oinarri gisa balioak lantzen baitira: Bilbo Balioen HiriaBilbo Kulturarteko Hiria, eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH).